Nafarkoopen Batzar Orokorra: Bazkideek puntu guztiak onartu dituzte
Goiener Taldeak badu helburu bat, jaio zenetik: energia berriztagarrien instalazio ahalik eta banatu, lokal eta deszentralizatuenak sustatzea, eraikitzea eta erostea. Nafarkoop kooperatibak egiten du hori posible, eta, iragan larunbatean ―apirilak 18― , Nafarkoopeko bazkideen 2026ko Ohiko Batzar Orokorra egin genuen Leitzako Herri Aretoan (Nafarroa Garaia). Hemen duzu egunaren laburpen bideoa:
Oihane Iragi eta Eider Murgoitio bazkide-langileek gidatu zuten aurtengo Nafarkoopeko Batzarra. Labur esanda, pasa den urteko ekitaldiaren balantzea egin genuen eta baita aurtengo urterako asmo zein aurrekontuak aurkeztu ere. Amaieran, bazkideek gehiengo osoz onartu zituzten Kontseilu Errektoreak Batzarrari egindako proposamen guztiak. Kontsultatu itzazu esteka honetan larunbateko emaitzak.

Batzarrean, puntuz puntu, Nafarkoopeko kideek zehaztasun osoz eman zituzten iazko eta aurtengo ekitaldien inguruko xehetasunak. Laburbilduz, azken ekitaldian aurrerapauso handiak eman ditu Nafarkoop Sorkuntzak eta Goiener Taldeak. Ez da erraza zenbaki eta lorpen guztiak zerrendatzea, baina hona esanguratsuenetakoak:
- Merkaturatutako energiaren bolumena +8,5 GWh hazi da (azken lau urteetako hazkunderik handiena).
- Bazkideak erakartzeko ekimenei esker +1.705 kontratu berri lortu ditugu.
- Tarifa indexatuaren eskaintza etxeko kontsumitzaile guztietara zabaltzea lortu dugu.
- 2025-2030 Plan Estrategikoa lurreratu eta sozializatu dugu.
- Proiektu fotovoltaiko kolektiboen eredua balidatu eta lehen instalakuntzak egiteko kontratuak sinatu ditugu.
Horretaz gain, Goienerrek zentral hidroelektriko berri bat erosteko aukera izan du, Urdaitzen (Esteribar, Nafarroa Garaia). Horrek, energiaren sorkuntza propioa handitu eta pauso berriak emateko aukera eskainiko digu. Ikusi azalpenak bideo honetan:
Berritasuna: mahai-ingurua
Informazioa modu parte-hartzaileago eta dinamikoago batean helarazi asmoz, mahai-ingurua izan da batzarreko nobedade nagusia. Bertan, hiru gonbidatuk, kooperatibarentzat estrategikoak diren 3 proiektu aurkeztu dizkigute, gero eztabaidarako eta galdera-erantzunetarako tartea irekita.
- Auzoargi eta sorkuntzako proiektu kolektiboen azken urratsak, Alazne Arruti, Nafarkoopeko Kontseilu Errektoreko kide eta bulego teknikoko langilearen bidez.
- Sorkuntzarako proiektu handien markoa, Santi Ochoa de Eribe, Goiener Taldeko Garapena lantaldeko kidearen eskutik.
- Bateriekin egindako proiektu koletiboak, Eneko Maioz bidez. Maioz Goienerreko bazkide eta Kontseilu Errektoreetako kide izandakoa da. Gaur egun, besteak beste, Orexan sortu den Energia Komunitateko lehendakaria da.




Nafarkoop 2026: «Proiektuak sendotzeko urtea»
Balorazio modura, eskerrak eman nahi dizkiegu gure bazkideei, bai larunbateko Batzarrari emandako erantzunagatik eta baita erakutsi zuten parte-hartzeagatik ere. Goiener Taldearentzat orokorrean, eta Nafarkoopentzat bereziki, emaitza hauek hauspoa eta iparra dira, 2026a sorkuntzaren eta zerbitzu berrien urtea izan dadin.